ANESTESIA 1988an sortu zen, Mikelek bere aurreko taldea ESTIGIA utzi eta berehala. Musika indartsu eta azkarra egiteko asmoarekin, berak kitarra jo eta abestu egingo zuen orain. Baxularia Dani izango zen eta baterijolea Beloki.

Entsegu gogorrak izan ziren hasierakoak (musika tresnak jotzen ikasten nahiko lan) baina ordu erdiko errepertorioarekin lehenengo emanaldiak egin zituzten. ESCOMBRO,RUIDO DE RABIA, VERBAL ASSAULT, RADIKAL HARDKORE, HHH, MAXIMO VOLUMEN, JINGO DE LUNCH, NAPALM DEATH…izan ziren besteak beste kontzertu haietako taulakideak.

1989aren Uztailean ANESTESIA CEREBRAL(k7) izeneko maketa kaleratu zuten. Zortzi abesti zituen eta 1000 kopia saldu ziren. Grabaketa beraien entsegu lokalean egin zuten 4 pistadun grabagailu batekin. Gai sozialak jorratuz, euskera eta gaztelania tartekatu zituzten, eta honek nazioarteko hainbat fantzineren arreta piztu zuen. METALLICA, DRI, SLAYER eta lehenbiziko NAPALM DEATHen arteko nahasketarekin alderatu zituzten. Garai hartan punkaren eta metalaren arteko gurutzaketa inoiz baino sakonagoa zen, eta jendea talde azkar eta soinu berrien  irrikitan zegoen, Honela taldearen kontzertu kopurua handituz joan zen.


Bigarren maketa 1990 urtean grabatu zuten MORALIDAD(k7) izenpean. Oraingo honetan 8 pistadun estudio batetan sartu ziren Paco Flores teknikariarekin, baina betiere taldearen esanetara. RIP taldearen “Brigada criminal” sartu zuten eta beste abesti batzuk hainbat bildumetan ere azaldu ziren, gehienbat Hegoamerikan. Abesterako orduan euskera zein gaztelania erabili zituzten.

Garai berriak hasi ziren taldearentzat 92. urtean. TOKI  BEREAN(ep) kaleratu zuten. ESCOMBRO talde Donostiarretik zetorren Nil izango zen abeslari berria, eta berak abestu zituen diskako bi abesti. Halere beste bi abesti Mikelek grabatu zituen, betirako abesteari agur esan aurretik. Hitz guztiak euskaraz ziren, eta aurrerantzean beti horrela izan da. ANESTESIA eta Hardcross-en arteko koprodukzioa izan zen diska hau, baina Esan Ozenki disketxeak editatu zuen eta taldearen ondorengo diska guztiak ere zigilu berdina izango zuten disketxea itxi zen arte.Kaki Arkarazo izan zen soinu teknikaria Donostiako IZ estudioan.


93an kaleratu zuten lehen lp-a. GORROTOAREN AHOTSA. Thrascore zaporeko 14 abesti. Azala Danik egin zuen, eta berriz ere IZ estudioetan grabatu zuten Kaki zelarik soinu teknikaria.
93 eta 95 urte artean aldaketa garrantzitsuak gertatu ziren.Danik taldea utzi zuen eta CENSURA, GUTURAL edo eta WHY NOT? taldeetan jardundako Txarly hasi zen baxua jotzen. Formazio berriarekin grabatu zuten ERANTZUN diska. Amasako IZ estudioan, eta oraingoan ere Kakirekin,aurreko produkzio eta soinu maila hobetu zuten. Bi abesti extra zituen 500 kopia editatu zituzten biniloan, haietako bat LOS CRUDOS taldearen “ Zipaios traidores y vendidos” abestia zelarik.



Formazio berdinarekin 1997an GU hirugarren diska grabatu zuten Katarain estudioan Kaki teknikari zela. Urte eta erdi batetik bestera jotzen ibili ondoren, geldiune bat egiteko garaia iritsi zen. Oraingoan Txarlyk utzi zuen taldea, baina baxulari berria bilatu ordez, Nilek hartu zuen ardura hori eta abeslari berri bat sartu zen taldean: ATXANTATU Zumaiako  taldean ibilitako Ibon.
2000. urtean kaleratu zuten Esan Ozenkirekin azken diska. ULTRA-KOMUNIKATZEN Andoaingo Garate estudioan grabatu zuten Kakirekin.

Eszenategi guztiak beste behin ere zapaldu ondoren, 2002.urtean, atsedenaldi luzeena hasi zen taldearentzat. Baxulari postua hutsik berriz ere , 2004ean elkartu ziren Mikel, Ibon eta Beloki abesti berriak sortzeko asmoz. Mikelek bere studio propioa zuen eta 2005 eta 2006 urte artean 13 abesti grabatu zituzten. Zuzenean jotzen hasteko asmoarekin Dani baxularia itzuli zen taldera

 

(c) 2006 - www.anestesia88.com

anestesia ultrakomunikatzen gorrotoaren ahotsa anestesia88.com